27/4/09

Konkistaren oroimena, oroimenaren konkista

Zenbait egunkarik diotena sinestera, benetako demokrazia iritsi da hondarrekoz Euskal Autonomia Erkidegora Patxi Lopezen eta haren lagunen eskutik. Ez dakit zertan nabaritu duten, hark ez baitu deus ere egin oraindik. Edo, beharbada, hor dago koxka: teoria –“benetako demokrazia”– prest dago jadanik, eta lehendakari berriaren ekintzak horren arabera interpretatuko dira. Egiten duena egiten duelarik ere, beti izanen da gutienez abertzaleek utzitako giro itogarrira haize freskoa ekarri duela erranen duenik.

Izan ere, aldez aurretik prestaturiko teoriek hori baitute ona, egoera zein dela ere beren eskemetan moldatzea erdiesten dutela. Nafarroako historiarekin antzeko zerbait gertatzen da. Nafarroaren betidaniko espainiartasuna aldarrikatu izan dute historialari profesional zein erdipurdikoek. Espainiartasun hori, jakina, Patxi Lopezen benetako balio demokratikoa bezala, historiari ezarri behar zaion teoria da, eta ez historiatik sortzen den teoria.
Gure historiaren azalpen horretan, beraz, Nafarroaren konkista gertakari pozgarria eta, aldi berean, saihestezina da. Zeren, konkistaren bidez, Espainiarekin batutakoan, Nafarroaren patu espainola bete baitzen. Konkista, azken buruan, historiaren trikimailua bertzerik ez da: komentatzen ari naizen metanarrazio espainolista horren arabera, konkistaren bidez izan ez balitz, bertze modu baten bitartez eginen zukeen bat Nafarroak Espainiarekin, noraezean. Hortaz, errealitate historikoan egindako krudelkeria guztiak gorabehera, konkista gertakari pozgarria da, teoria metahistorikoan iragarritakoa bete zelako. Pozgarria, erran nahi baita, teoria hori sinesten dutenendako.
Zeren, konkistaren ospakizunak prestatu behar dituen batzordean munduko historialari guztiak bilduta ere, ideologiaren kontua baita Nafarroako Gobernua antolatzen ari dena. Historiarekin zerikusi guti duena. Gaztelarren garaipena ospatzeko ekitaldietan ez dugu gertatutakoaren inguruko informazio berririk lortuko, ez dugu ikuspegi berritzailerik izanen. Ez da ikerketa berririk martxan jarriko. Heldu diren ospakizunak ideologikoak izanen dira, baina ez soilik iraganari begira. Gaurkoari begira ere berdin funtzionatuko dute, zeren, historiaren memoria zehatz bat ezartzeaz gain, memoria horren bidez ados ez gaudenok baztertzea, iraintzea eta arbuiatzea baitute helburu. Memoria iragana eta oraina elkarrekin uztartzen dituena baldin bada, Nafarroako Gobernuak ez du konkista oroitu nahi, oroimena konkistatu nahi du. Iraganaren irudi zehatz bat inposatu nahi du, eta irudi horrekin ados ez daudenak ahotsik gabe utzi nahi ditu. Iragana eta oraina bere egin nahi ditu UPN, CDN eta PSNren gobernuak: iragana benetan ikertu nahi dugunok historialari kaxkarrak gara, “politizatuak”; oraina aldatu nahi dugunok, nahasle hutsak. Konkista ospatuz memoriaren jabe bihurtu nahi du Nafarroako Gobernuak, iraganaren eta orainaren kudeatzaile zilegi bakarra.
Argi dago, beraz, erantzun beharra dagoela. Batzuk hasi dira arrapostua ematen, eta haiekin sobera ados ez banago ere, ez ditut kritikatuko, ez baitut hoberik eskaintzeko. Iruditzen zait, hala ere, erantzunaz gainera, bi urrats gehiago beharrezkoak direla. Eztabaida publikoa, gure artean, egunkari eta aldizkarietan. Eta historialarien lana, historialari kritikoen lana, erran nahi baita. Errate baterako, ez dut zalantzarik Geronimo de Uztariz institutuan bilduta daudenek zer errana izanen dutela.
SANTI LEONE

No hay comentarios:


VICTIMAS y/o VERDUGOS

Nabaizaleok en tu Email

introduce tu dirección:

ir arriba
Grupo de apoyo a Nafarroa Bai Nabaizaleok, NA-BAIren aldeko sostengu taldea da. Astero mezu bat bidaltzen dugu. Mezu hau ez baduzu jaso nahi, esaiguzu. Mezu hau, beste inork jasotzea nahi izanez gero, abisatu. Esker Mila. Nabaizaleok, es el grupo de apoyo a NA-BAI. Todas las semanas mandamos un mensaje. . Si quieres que más gente reciba este mensaje, háznoslo saber. Gracias por tu atención

Abdul Munir ﲥ Template | Diseñado por ©Nabaizaleok